Deustuko Unibertsitatean aurkeztu da Elkarturik Gizagabetasunaren Aurka ekimenari buruzko Espainiako lehenengo kontsulta

Deustuko Giza Eskubideen Institutuak antolatutako Ekintza Humanitarioko Babesari buruzko mintegiaren barruan, azaroaren 7an, Elkarturik Gizagabetasunaren Aurka ekimenari buruzko Espainiako lehenengo kontsulta aurkeztu da Unibertsitatean. Elkarturik Gizagabetasunaren Aurka gerretako ankerkerien eta gehiegikerien kontrako norbanako eta talde suminduen mundu mailako mugimendu bat da. Gatazkan dauden aldeei gizarte zibilak erronka jo diezaieten bultza egin nahi die, tokiko, eskualdeko eta nazioarteko baterako ekimenak abian jartzeko eta errazteko.


Helburua da gizarte zibilari dei egitea zibilen sufrimendu bortitza, edo haurrei, emakumeei eta gizonei gaur egungo gatazka armatuetatik ihes egiteko oztopoak jartzen dizkieten politikak eta praktikak babestu eta onartu ez ditzaten. Alde horretatik, proiektuak planteatzen du ezin dugula onartu gerra indiskriminatua eta lekualdatze behartuak normalizatu izana gure munduan. Era berean, gogorarazten digute Alepo dela gaur iraganean Gernika izan zena.


Kontsultaren helburua da, aitzindarietariko batzuekin batera (Antonio Donini eta Norah Niland, besteak beste), ekimenaren oinarriak eta helburuak aztertzea eta gizarte zibileko beste pertsona eta erakunde batzuen iritziak kontrastatzea.


Goizez, mahai-inguru bat izan zen eta babesaren egungo erronkak eta migrazioa kontrolatzeko europar politiken eragina jorratu ziren, Mediterraneoko immigratzaileen babes, bilatze eta erreskate operazioetan. Saio horretan, pertsona hauek egon ziren parte hartzen: Norah Niland, Genevako The Graduate Institute erakundeko ikertzaile elkartua eta aholkulari independentea; Cristina Churruca, Giza Eskubideen Institutuko ikertzailea eta irakaslea; eta Arantza Gurtubay, Proactiva Open Arms GKEaren proiektuen arduraduna.


Horrela eman zitzaion hasiera Ekintza Humanitarioko Babesari buruzko ikerketako mintegi aurreratuari. Deustuk eta NOHA Ekintza Humanitarioko unibertsitate sareak antolatu dute azaroaren 7 eta 8rako, ekintza humanitarioko testuinguruen babeseko programazioan eta ebaluazioan lortu diren aurrerakuntzak eztabaidatzeko. Tailer horren barruan aurkeztu da Babesa Ebaluatzeko Gida berria ere, ALNAPek egina.


Egitaraua: workshophumanitarianaction.deusto.es.

Workshop “Advancing research on protection in the context of humanitarian action”
Scroll to Top