Deustuko ikasleek 15.745 euro (13.994 Bilbon, eta 1.751 Donostian) bildu dituzte ikasiz, elkartasunezko proiektuetara bideratzeko. Deustuko Unibertsitateak aurten ere bat egin du Ikasketa Olinpiada Solidarioarekin. Nazioarteko ekimena zabalik egon zen Bilboko eta Donostiako campusetako liburutegietan abenduaren 5era arte. Olinpiada sentiberatze eta elkartasun ekintza bat da, Coopera GKEak sustatua, unibertsitateko ikasleei garapenerako lankidetzako proiektuetan parte hartzeko aukera ematen diena, ikasten ematen dituzten orduen bidez.
Ikasleek ikasten ematen duten ordu bakoitzeko, Olinpiada babesten duten enpresek 1 € bideratzen dute hezkuntzako proiektuetarako. Proiektu horiek denentzako lehen hezkuntza lortzearekin egoten dira lotuta. Hartara, Olinpiadak bat egiten du Garapen Jasangarrirako 4. helburuarekin: ‘hezkuntza inklusiboa, zuzena eta kalitatekoa bermatzea eta ikasteko aukerak sustatzea bizitza osoan zehar denentzat’.
2018an, Ikasketa Olinpiada Solidarioa 16. ediziora heldu da. ‘Lagundu dezakedan lekuan nago’ lema harturik, orduek/euroek Senegaleko Saly Velingarako Arco Iris eskolako lehen hezkuntzako gelak zabaltzen laguntzeko balioko dute. Senegaldar herri hori Thies eskualdean dago kokatuta, Mbour hiritik 3 km-tara eta Dakarretik 85 km hegoalderantz.
OSE Elkartasun Olinpiada mundu mailan antolatzen da azaroaren 5etik abenduaren 5era. Horregatik bada, Olinpiadan parte hartzean, ikasleek bat egiten dute elkartasuna eta enpatia balioak sustatzen dituen nazioarteko mugimendu horrekin. 2018ko erronka 450.000 ikasketa ordura heltzea da.
Argibide gehiago: www.olimpiadasolidaria.com